KANTAURI ITSASOAREN BRASTADA BIZIGARRIA

SATURRARANGO KARTZELA

Arrigorri Ostatu Jatetxetik oso gertu Saturrarango hondartza ezaguna dago. Hondartza horretan, 1938-1944 bitartean emakumeen kartzela bat egon zela ez da hain ezaguna, zoritxarrez. Urte horietan zehar milaka emakume igaro arazi zituzten Saturrarango kartzelatik, asko eta asko euren umetxoekin.
Sei urte horietan, zifra ofizialen arabera 116 emakume hil ziren bertan eta 62 ume. Emakume hauen artean Euskal Herrikoak ere bazeuden, baina gehien gehienak estatuko beste lurralde batzuetakoak ziren, urrutikoak normalean (Extremadura, Valentzia, Andaluzia, Madril...)
Gaur egungo aparkalekua zapaltzen dugunean, eta bereziki Mijoa errekako bestaldera igarotzen garenean, leku berberean eta ez hain aspaldi, milaka emakume preso eduki zituzten espazio bera okupatzen ari gara. Bitxia da, gaur egun aisialdiarekin lotzen dugun gune hau garai batean sufrimendu eta heriotzaren sinonimoa zela jakitea. ETa gaur egun afari-meriendak egiteko prestatuta ikusten den zelaitxoan, ehundaka emakumek egiten zutela lo, lurrean botata, euren umetxoekin batera.
Orain dela urtetxo batzuk, Ondarroako Historia Zaleek antolatutako jardunaldien barruan, oroigarri bat jarri zen zelaitxo horretan, Saturrarango kartzelan hil ziren emakume eta umeen oroimenez, euren izenekin, euren jatorrizko probintzia eta adinarekin batera. Merezi du hurbiltzea, eta une batez bada ere, euretaz gogoratzea, ez ahaztutzea hor gertatu zena, berriro errepikatu ez dadin.
2003. urtean Argia Garrido historialariak artikulu bat idatzi zuen Saturrarango kartzelari buruz, ordura arte sasi izkutuan zegoen tragedia honen berri emanez. Geroago, eta neurri handi batean Argiak egindako artikuluak hauspotuta, dokumental bat ("Prohibido recordar") eta pelikula bat (Izarren Argia) grabatu ziren.
Hona hemen bere artikuluaren lotura. Ondarroa 2003 urtekarian, 176. orrialdetik aurrera aurkituko duzue.
"Prohibido recordar" dokumentalaren esteka
Eta "Izarren Argia" filmaren trailerra, osorik ez dugu aurkitu eta, sarean eskegita behintzat.
 

© 2015 Todos los derechos reservados.

Creado con Webnode