KANTAURI ITSASOAREN BRASTADA BIZIGARRIA

Hasiera

Arrigorri Ostatu Jatetxearen proiektua hasi genuenetik, sarri askotan bururatzen zitzaigun galdera izaten zen: noizkoa ote da eraikina? Noiz eraikiko ote zuten, eta zein asmorekin?

Jakinminak kitzikatuta, era informalean bada ere datuak biltzen hasi ginen.

Jakin bagenekien garai batean josteko makinengatik hain ezaguna egin zen Alfa kooperatibarena izan zela. Baina eraikina ez zuen kooperatibak egin, erosi eta berriztatu baizik. Josetxu Muruetagoienak eskainitako argazki sortari esker, eraikina 1936ko gerraren aurretik eginda zegoela ondorioztatzen genuen, 1936ko uztailean bertan egindako argazki batean eraikina eginda dagoela ikusten baita (zein garrantzitsua den argazkiaren atzekaldean bada ere, noiz egindakoa den idaztea).

Josetxuk utzitako bilduma berean, antzinagokoak diren postal zaharren kopiak gordetzen dira. XX. mendearen hasierakoak dirudite, baina data zehatzik gabe. Garai hartan ohikoa zen udalerri bati buruzko argazki bildumak egitea. Gaur egun harrigarria badirudi ere, udatiarren presentzia ohikoa zen Ondarroan. Izan ere, udako turismoa herriko ekonomiaren ardatzetariko bat zen. Ba, bilduma horietako postal batean gaur egun Arrigorri izenarekin ezagutzen dugun eraikina agertzen da, eta tipografia berdina daukan beste postal batean ibaia ikusten da, Plaiko Zubirik gabe. Beraz postal bilduma berekoak badira, argazkia 1927 baino lehenagokoa izan behar zen, eta ondorioz eraikina bera ere. Ehun urte ia ia.


Beste behin Udal Liburutegira hurbildu eta Arrigorri izenarekin bilaketari ekin genion. Orain dela urte batzuk Ondarroako Udal Artxibategiko agiririk gehienak digitalizatu egin ziren, eta Badator-en datu-basean txertatu. Honi esker, gaur egun, herriko artxibo historikoa kontsultatzeko Udal Liburutegira hurbiltzea nahikoa da, eta gainera, bilaketa zehatzak egin daitezke. Gure kasuan, Arrigorri hondartzari buruzko agiri batzuk aurkitu genituen, XIX. mendearen amaierakoak, baina eraikinaren aipamen txikienik ere ez. Besterik ezean, herriko planorik zaharrenak aztertzea aukera bat izan zitekeen. Eta bai aukera ere! 1905ean egindako plano batean, argi eta garbi ikusten da Arrigorri eraikina eginda zegoela. Harrigarria, ez da?

Aurtengo gabonetan, Euskalzale aldizkarian kuskuseatzen, Txipristin deituriko idazle batek sinatutako artikulu batekin topo egin genuen. Artikulua 1898koa da, eta Txipristinek Ondarroan egindako egonaldi bat kontatzen du. Ez du zehazten zenbat egun pasatu zituen herrian, baina bai “bustialdiak” hartzeko asmoarekin etorri zela, eta herriko giro alai eta zalapartatsua deskribatu ostean (urte berean Ondarroak estropadak irabazi zituela kontutan hartu behar da), Arrigorri ostatua aipatzen du artikuluaren amaieran, izen honekin gainera.

Azpimarragarria dena zera da: 1898an Zaragozako Jaun Marzeliño, “urteoro bere senideetan Arrigorriko ostatuan il batzuk igarotera etorten dana”. Urteoro bazen, Arrigorri ostatua martxan egon behar zen bost edo hamar urte lehenagotik, gutxienez. Ea norarte ailegatzen garen!

 

Contacto

Arrigorri Ostatu Jatetxea

arrigorriostatua@gmail.com

Arrigorri 3
Ondarroa
48700

722302869
946830047

Buscar en el sitio

© 2015 Todos los derechos reservados.

Creado con Webnode